Kulturagurain

EHUN DISKA ERAKUSKETA

Euskal musika. 1960-1990

Euskal autoreen eta euskaraz kantatutako musikaren disko-edizio eztanda bat gertatu zen 70eko hamarkadako azken urteetan eta 80ko hamarkadaren hasieran. Aurretik egindako grabazioak bazeuden ere, urte horietan hedatu zen Euskal Musika, eta binilozko disko eta kasete formatuko soinu-obra zoragarriak jarri ziren publiko handiaren eskura. Horrek, zuzeneko kontzertuen bultzada handiarekin batera, ezusteko harrera eta ospea ekarri zituen musikarekiko, musika sortzen eta interpretatzen zutenekiko eta musika hori egiten zen hizkuntzarekiko ere.

Horrekin guztiarekin, gainera, garai hartako gertaera sozialekin eta errealitate politikoarekin estu lotuta, kultura propioa eta hedakorra sortu zen, batez ere gazteen artean, eta anglosaxoiaren eta espainiarraren gisako beste musika-forma hain ezagunak baztertu ere egin ziren.

Disko ugari saltzen ziren eta jende asko joaten zen kontzertuetara, eta, horri esker, eremu propioa egonkortu zen, eta halako musika-subiranotasun moduko bat lortu zen. Horrek guztiak erraztu egin zuen adierazpen-arlo horren aldeko apustua egin zutenen sorkuntza-lana.

Folkari, autore-kantari eta protesta-kantari oso lotuak zeuden hastapen haietatik abiatuta, dimentsio berriak garatu ziren Euskal Musikan, bertako melodiak eta instrumentuak berraurkitu eta berrinterpretatu baitziren. Beste musika-korronte batzuekin nahasi ziren gero: popa, rock-and-rolla, rock sinfonikoa, jazza… eta punkean, reggaean eta skan amaitu zuten azkenean, horiek ere marka propioarekin, Euskal Rock Radikala deiturikoaren barruan, 80ko hamarkadaren hasieran eztanda egin eta muga guztiak gainditu zituena.

Binilozko diskoen ehun azal baino gehiago biltzen ditu erakusketa honek, lehen eta bigarren belaunaldiko euskal kantagintza berriaren lehen 30 urteak, 1963 eta 1993 bitartean. Garai nahasi hartan erraztasunak baino oztopo gehiago izan zituzten abeslariek eta taldeek.

Karpeten diseinua, musika aurkezteko bilgarria bera (artwork), artea ziren berez, eta euskal artista nabarmenek beren arrastoa utzi zuten haietan ere.

Azal haiek, eta dituzten iruzkinek, gidatuko gaituzte garai hartan bizi izan zirenentzat oroitzapenez eta azken hamarkadetako Euskal Musika besterik ezagutzen ez dutenentzat sorpresaz beteriko ibilbide honetan.

Erakusketa honek ibilbide kulturala eskaintzen dizu ikusteko, entzuteko, ikasteko eta gozatzeko. Era berean, omenaldia egin nahi die alor horretan aitzindari izan zirenei euskara hizkuntza gisa zabaltzen eta kontzientzia sozio-politikoa kokagune gisa hartzen.

EGUNA
Irailaren 1etik 28ra
ORDUA
Asteartetik igandera 10:00-14:00
LEKUA
Zabalarte Etxea
SARRERA
Doan
HIZKUNTZA
Euskaraz
NORENTZAT
Jende ororentzako ikuskizunak