
90 km AHO-ZIRIKA erakusketa
ERAKUSKETA: María Cascon, Jon Ibala, Mar Torre
ZABALARTE
Kale nagusia 8, Agurain
2025/07/05 – 2025/07/31
Asteartetik igandera, 10:00 – 18:00
2025/07/05, 12:00etan
Erakusketaren inaugurazioa eta aurkezpena, bisita gidatuarekin
2025/07/19, 11:30 – 13:00
Erakusketarako bisita gidatuak artistekin. Izen-emateak: kulturagurain@gmail.com
Zabalarte erakusketa-gunera egin genuen lehen bisitan atentzioa eman zigun eraikinaren arkitekturak, batez ere teilatuari eusten dion zur-lanak. Mihiztatze-lana da, antzinatik egiten dena mundu osoan, batez ere 90 graduko angeluak lotzeko, eta zurezko pieza ziridunak egurrezko habeen ahoan sartzean datza. Ondoren, itsatsi, iltzatu edo torlojutu egiten dira bi euskarriak, elkartuta gera daitezen, eta euste-sistema sendo eta oinarrizko bat osatzen dute horrela. Eraikuntza-sistema hori beste material batzuekin ere erabiltzen da, besteak beste, harriarekin, eta aho-zirika deitzen zaio.
Aguraingo bisitaren ondoren eta atzera Bilborako bidean, erakusketa kolektiboari nola heldu eta erakusketa aretoan taxutzeko zailtasunei nola aurre egin hizketan ari ginen bitartean, besteen ideiak eta proposamenak guk genituenetan ahokatzen joan ginen, eta alderantziz. Elkar ezagutu berritan, elkartu eta solaserako leku moduko bat bihurtu zen ibilbidea, baita lanerako leku ere. HARRIAK programaren proposamen honi aurre egiteko kontzeptuak, ideiak, nahiak eta iritziak hitzez adierazten joan ginen. Horrela, eta geroago izan genituen elkarraldi pare baten ondoren, egur, harri eta habe bihurtu ginen. Gure begiradak mihiztatuta, babesa eta euskarri bihurtu ginen.
Bisita hartatik egun batzuetara, egurrezko habeek osatutako egitura honek, bere soiltasun eta eraginkortasunagatik ez ezik, eraikinaren solairurik txukunena hartzen duelako ere konkistatu gintuenak, informazio bila eraman zituen gaur Agurainen aurkezten diren artistak: Maria Cascon, Jon Ibala eta Mar Torre. Izan ere, mihiztatzeko eta ahokatzeko teknika artikulatu honek prozesu bat irudikatzen zuen, Arabako aretoraino eraman gintuena. Identifikatuta sentitzen ginen, gu ere oreka eta babesa bilatzen ari ginelako gure artean. Ehun sendo bat eratu eta eraiki nahi genuen. Bilbo eta Agurain arteko ibilbidea, ia 90 kilometrokoa, izenburu bihurtu zen. Herria erakusketa kolektiboan presente egotea nahi genuen, baina ez nahitaez literalki. Azkenik, erakusketaren ehuna ahoaren, ahotsaren, lekuaren, hiru artisten ibilbidearen eta bitartekaritzaren bidez eraiki zen. 90 km aho-zirika.
María Cascón (X, 20XX)
“LOVE” hitza, tatuaje moduan aitaren eskuan, eta amaren nortasun-agiriko argazki bilduma izan ziren bere aurreneko oroitzapenak, hitzekiko eta irudiarekiko interesa piztu ziotenak. Bere lanaren ardatza ekintza-nahia da, asmoari balio artistikoa emateko. Horrela, buelta ematen dio aurrez finkatutakoari, bere mugikorraren atzealdean karnetaren erretratuak ipinita. Ekintza horri buruz hau dio: “Hilobi” bat daramat nirekin. Asko gozatzen dut nirekin eramateaz, munduarentzat da, baita munduak egina ere. Aldatzen, mugitzen doan eta gertu dagoen irudi bat.
Jon Ibala (X, 20XX)
Helmuga finkorik gabeko elementu eta formen garatzailetzat du bere burua, oraindik existitzen ez den ipuin bat bailiran. Bere pinturek iradokitzen dituzten irudiek aurretik existitzen ez ziren bideak irekitzen dizkigute, eta aipatuak izateko zain daude. Asmatutako mundu bateko eszenak eta testigantzak dira, non formala jolas bihurtzen den, eta alderantziz. Magikoaren eta egunerokotasunaren arteko elkarrizketa sortzen du, eta horrela ebazten ditu ordenaren eta kaosaren arteko tentsioak, bere figurazioa itxuratzen duten errealitatearen eta jokoaren magiaren artekoak.
Mar Torre (X, 19XX) Denbora pertsonalak eta kontingentzia faktore garrantzitsuak dira Marren obretan. Elementu horiek baldintzatu egiten dute bere jardun artistikoa. Mugikorra bezalako eguneroko baliabide bat erabilita, erregistroak hartu eta DIN A4 eta DIN A3 formatuetan inprimatzen ditu fotokopietan, eta tolesdura geometrikoen eta gainezarpenen bidez narratiba bat osatzen du horrela. Horietan, materialaren interbentziorik txikiena ere gaira bideratzen da. Lan-prozesu horretan agertzen denari buruz sarritan jarduten du gogoetan
