IDAZKETA SORKUNTZA TAILERRA

Idazketa sorkuntza tailerra
Sorkuntza idazketa ikastaro hau forma artistiko desberdinen arteko elkarrizketatik sortzen diren adierazpen-aukerak aztertzeko nahitik sortu zen. Prozesuan, esperimentazio espazio batean murgildu gara, non idatzitako hitzek musikarekin, irudiarekin, mugimenduarekin eta ahotsarekin topo egin duten. Saio bakoitza, narratibaren eta gure irudimenaren mugak gainditzeko zein zabaltzeko gonbidapena izan da.
Ez dugu ezerezetik idatzi, beste lan batzuen oihartzunetik baizik: zirikatu gintuzten pinturek, hunkitu gintuzten abestiek, inspiratu gintuzten mugimenduek. Idazketa erantzun gisa sortu zen, pizgarri gisa eta, batzuetan, estimulu horien erabateko eraldaketa gisa.
Emaitza ez da testu-bilduma bat bakarrik, prozesu kolektibo baten testigantza baizik, esateko, sentitzeko eta konektatzeko modu berriak aurkitzeko bilaketa partekatu batena. Idazmenak beste arte-hizkuntza batzuekin hitz egitera ausartzen denean duen boterearen erakusgarria.
Testu honetan, adibidez, gure oroitzapenetan murgildu ginen espazioak esploratzeko meditazio gidatu baten bidez. Horretan, eszena baten ikuspegi desberdinak landu genituen, horien artean objetu baten begirada. Hauxe da horietako baten adibidea:
Nire istorioa kontatzen hasteko, esango dizuet ez dakidala oso ohikoa izango den ni bezalako termometroa sukalde batean egotea, baina hemen nago, irratiaren ondoan apal batean.
Nolabait biak piztuta gaude egun santu osoan.
Beti adi Emakumeak zer egingo duen begiratzen, nire merkurioa beti prest eduki behar dut, segun eta leihoa ireki edo itxi, berogailua piztu ala itzali, kozinatu edo kartetan jolastu, beti prest hainbeste aldaketa neurtzeko.
Batzuetan oso nekatuta bukatzen dut eguna, eskerrak gauero nik ere atsedenaldia hartzen dudala…
Mesedez!! Ez esan Emakumeari nire lana egunez bakarrik betetzen dudala, edozein momentuan, abisatu gabe niri zuzen-zuzen begiratzen geratuko dela susmatzen dut eta !
Edurne Ruiz de Eguino
Jarraian dauden idatzietan, munduko ipuinik motzena hartu genuen oinarri, eta horretatik abiatuta sortu genituen hurrengo testuak:
“Esnatu zenenan, dinosaurioak hor jarraitzen zuen” Augusto Monterroso