MAITASUN KAPITALA
MAITASUN KAPITALA
Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. Bertan gogoratzen du berarekin bizi izandako pasio sutsua, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana.
Aldi berean, tesi bat zuzentzen dabil Olga irakaslea, emakumeei maitasuna euren bizitzako erdigunea izaten erakutsi zaien moduan sakontzen duena, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz.
Pertsonaiek bizitako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek piztutako gogoetak tartekatuz, nobela anbiziotsu bat osatu du Karmele Jaiok, arin irakurtzen dena baina arrasto sakona uzten duena, nor bere buruari begira hausnarketara bultzatuz.
Karmele Jaio
Gasteizen jaioa. Gurasoak Lekeitiokoak ditu, eta etxean jaso zuen euskara. Olabide ikastolan ibili zen. Informazio zientzietan lizentziatu zen, EHUn. Hainbat komunikabidetan eta komunikazio bulegotan egin du lana. Idazlea da. Hainbat liburu argitaratu ditu 2004tik hona, ipuin bildumak zein eleberriak. Amaren eskuak eleberria zinemara eraman zuten 2013an. Elkarrizketatu genuenean Emakundeko komunikazio burua zen. Besteak beste euskarari, literaturari eta genero ikuspegiari buruz hitz egin genuen Jaiorekin.